AURKEZPENA

1968-1969 urteetan Altzaga ikastola sortu zuen Erandioko herritar talde batek. Hortik aurrera  kokapen desberdinetatik pasatu ondoren ikastola handitzen eta sendotzen joan zen 1993-1994 ikasturtean sare publikoan sartzeko erabakia hartu zen arte. 

1996. urtean Hezkuntza erreformarekin batera ikastola bi ikastetxetan banatu zen: Altzaga ikastola HH eta LH ko ikasketetarako eta Erandio BHI Bigarren Hezkuntzarako. Bi ikastetxeok eraikuntza berdinean kokatuta gaude eta garraioa eta jantokia konpartitzen ditugu. Bi ikastetxeon artean ematen diren ikasketak osagarriak izanik nolabaiteko jarraipena ematen saiatzen gara. Horretarako oso lagungarria gertatzen zaigu Guraso Elkarte bakarra izatea. 

Era berean, Erandio BHI ikastetxean Goikolanda ikastetxeko ikasleak ere jasotzen ditugunez haiei ere irakas-jarraipena ematen saiatzen gara.

Horrela gaur egun Erandio BHI 4/3 lerroko, D ereduko, DBHko institutua gara. 250 eta 300 ikasle eta 40 irakasle inguruan mugitzen gara. Gure ikasle gehienak garraiatuak dira eta jantoki zerbitzua erabiltzen dute.

Gure helburu nagusia da ikasle euskaldunak hezitzea, ahaztu barik gaur egungo mundu globalizatuan beste hizkuntza batzuk ere garrantzitsuak direla. Horregatik, bi ikasgai ingelesez ematen dira (Plastika eta Musika). 

Irteera profila kontuan harturik, ikasle kritiko, arduratsu, solidario eta inplikatuak hezitzea dugu helburu ere. Horregatik, Kurrikulum Berrian adierazita datozen konpetentzia guztiak garatzeaz gain, Konpetentzia Pertsonala, Soziala eta Ikasten Ikastekoa, Herritartasunerako Konpetentzia eta Ekintzailetzarako Konpetentziari garrantzi handia ematen diegu.